_Ni neu

Gure herrian dauden burdinbideen maitale eta erabiltzaileetako bat naiz.

Blog honetan trenbidearekin zerikusia duen oro jakin ahal izango duzu: azken orduko albisteak, nere argazkiak, zurrumurruak, erreportaiak...

Ongi etorri!

_Aurreko idatziak

Powered by Blogger

XML jarioa




2008-03-11

Lehenengo arazoa Lurraldebus txartelarekin


Izan dut dagoeneko nere lehenengo arazoa Lurraldebus txartelarekin. 18,89€ko diru-kopurua izanik txartelean, orain bi asteburu 14,57€ kobratu zidaten Donostiatik Bilbora PESA konpainiarekin joateagatik (Lurraldebus txartelarekin 5,37€ balio du bidaiak). Ni orduan konturatu ere ez, PESAn (gaueko autobusean bederen) ematen duten bidai-txartelean ez baitu jartzen txartelarengatik ordaindutako diru kopurua edo txartelean geratzen dena.
Horrela, nik jakin gabe, ostiral honetan 4,32€ baino ez nituen Lurraldebus txartelean eta ezin izan nuen dagokion deskontuarekin ordaindu Donostiatik Bilborako bidaia ordaindu.

Larunbat goizean, lehenengo orduan, Bilboko Termibusen PESAk duen bulegora joan nintzen azalpen eske eta hauek eman zidaten gertatutakoren berri. Bertan txartelarekin egindako azkenengo mugimenduez informatu ninduten eta jasotako paperarekin astelehen goizean Lurraldebusera deitu dut: 943000117.

Bertan, bere lana zuzen bete duen teleoperatzaile batek PESAkoek orain bi aste bi txartel kobratu zizkidatela komentatu dit: %40 deskontuarekin bat eta bidai osoa bestea (5,37+9,20=14,57), antza denez gidariaren akats batengatik. Hilabete bukaeran etxera bono bat bidaliko omen didate oker kobratutako kopuruarekin, gero prentsa-saltoki batera joan eta han dirua txartelean birkarga diezadaten.

Sistemaren kobraketa arazoa dela eta ordaindu behar izan nituen 3,83€n inguruan ahaz naitekeela ere aipatu didate. Antza denez ez da beraien arazoa nik txartelean dirurik ez izatea. Norena da baina nik txartelean dirurik ez edukitzea? Kobraketa gaizki egin eta ia bidaiaren hirukoitza kobratu didan PESA konpainiarena (eta hortaz, Lurraldebusena) ala nirea Lurraldebusen sistemaren funtzionamiendu onaz fidatu izan eta oraindik bidaia deskontuarekin ordaintzeko haina diru nuela pentsatzen nuelak? Nik argi daukat.

Ez dut gehiago luzatu nahi, baina beste gai kezkagarri bat Lurraldebusek bezeroaren bizitza konplikatzeko duen trebezia da. Nola liteke ordainketan akats bat gertatzeagatik ia hilabete bat itxaron behar izatea eta hainbeste tokietara joan edo deitu behar izatea? Autobus konpainiaren bulegora azkenengo mugimenduen berri izateko, paper horrekin Lurraldebusera deitu behar izatea erreklamazioa ipintzeko, gero nere postontzira bonoa noiz heldu itxaron, eta horrekin berriro prentsa-bulego batera joan beharra txartela birkargatzeko. Arranopola! Hau informazioaren aroan gertatzea ere!

Nire aholkua: PESAko autobusak erabili ezkero (ez dakit beste konpainietan antzeko zerbait gertatu ote den), izan buruan beti txartelean duzun diru kopurua eta txartela ordaindu ondoren eduki beharko zenukeena. Txartela pasa eta gero gidariari galdetu ea zenbat diru gelditzen den, eta kopuru okerra geratu ezkero ipini kexa bat Lurraldebusen dirua itzuli diezazuten.

Eskerrak ez nuen diru gehiago birkargatu txartelean, bestela ez nuen akatsaren berri izango hemendik aste batzuetara!

1. irudia (goian ezkerrean): Lurraldebusekin Donostiatik Bilbora joateko otsailaren 29an ordaindutako txartela.
2. irudia (goian eskubian): Aurreko ostiralean ordaindu beharrekoa orain aste bateko Lurraldebusen sistemak izandako erruarengatik.
3. irudia: Nere txartelaren diru kopurua otsailaren 29an PESAko bidai-txartela erosi baina lehen.
4. irudia: Lurraldebusen akatsaren ziurtagiria.


2008-03-10

PSOEk irabazi ditu Espainiako hauteskundeak

Eta egundoko porrota erdietsi du -berriro- EAJk Euskal Autonomia Erkdiegoan. Izan ere, Jose Luis Rodriguez, PSOEren hautagaiak lortu duen garaipena bezain garrantzitsua da Euskadin orain bost urteetatik antzematen den aro politikoaren aldaketaren baieztapena. 2001. urtean EAJk bere historiako emaitzarik onenak lortu zituenetik hauteskundeak etorri, hauteskundeak joan, milaka bozka galtzen joan da igandean 300.000 bozka eskas (azkenean ez dakit kopuru horretara heldu ote zen ere) lortu arte. Aldi berean PSE-EEk 2001. urteko estrategia aldatu eta hauteskundeetara aurkeztu ahala bere emaitzak hobetzen joan da atzoko bozka kopuru historikoak lortu arte: lehenengo indarra probintzia eta hiriburu guztietan (bai, Bilbo eta Bizkaian ere bai), alderdi bozkatuetan neurri ertaineko herri askotan (Galdakao, Zarautz, Beasain...), eta bigarrengo aldiz historian EAEko alderdi bozkatuena, EAJren gainetik; ez 1982. urtean bezala portzentai txiki batengatik, zenbait puntuengatik baizik!

Batzuek bipartidismoari botako diote errua. Esaten den moduan, herri bakoitzak merezi dituen agintariak omen ditu. Zer espero daiteke orduan gure herriaz, non jendeari politika bost axola zaion eta askotan hautagaiak edo alderdiak ere ezberdintzen ez dakien? Zer errezago jendeari gorria eta urdinaren artean hautatzeko eskatzea baino?
Tristea da Espainia bezalako herri europar batetan PSOEtik ezkerrera alderdi ezkertiarrik ez egotea, IUren heriotza politikoa antza denez hurbil baitago, baita izaera propioa duten hainbat autonomia erkidegoetako alderdiek beraien ordezkaritza lortu ez izana, hala nola Aragoa edo Andaluzia. Adierazgarria da alderdi txiki hauetako bozkatzaileek PSOEri bozka eman ez baliote PPk hauteskundeak irabaziko lituzkeela ikustea, azkenengo alderdi honek 1996. urtean hauteskundeak irabazteko lortu zituen antzeko eserleku kopurua erdietsi baititu.

Hariari eutsiz, datorren autonomi hauteskundeek (datorren urtean ospatuko dira, Lehendakariak aurreratzen ez baditu) kolore gorria izango dutela argi dagoela dirudi. Ikusi beharko da zer nolako agintariak diren euskal sozialistak eta zer nolako lotura duen Madrilekiko EAEko interesek eta Espainiako interesek talka egiten dutenean, PSE-EE ez baita PSOEn federatutako alderdi bat PSC bezala. Burdinbide arloan ETSren lineen berrikuntza, Euskotrenen zerbitzuen hobekuntza, tranbia sareen garapena edo Euskal Yaren eraikuntza igaro beharreko azterketa garrantzitsua izango da (hauteskunde hauetan behintzat terrorismoaz baino ez dira aritu Euskal Herria aipatzean, ez al du Espainiako gobernuak beste egitasmorik gure herriarentzat?).
EAJri dagokionez, zer esan? Beti esango dute hobe dela bertako bat hautatzea kanpotik zuzendutako alderdi bat beharrean. Baino zer nolako aurpegiarekin eskatu daiteke horrelako zerbait bertako aukera ustelkeri kasuez eta jauntxoez gainezka dagoen azkenengo urteetan arazoei aurre egiteko gaitasun eza erakutsi duen alderdi bat denean?


2008-02-17

Euskotreneko langileen profesionaltasun handia

Gaur gauean, Bilbotik bueltan Euskotrenen herriarteko trenean (Pullman ohia), jendez betetako kotxe batetan, nere aurrean eserita zihoan bidaiaria zigarro bat erretzen hasi da. Hau itzaltzeko bi aldiz eskatu ostean jaramonik ez egin eta gidariarengana zuzendu naiz egoeraren berri emateko (bitartean beste bidaiariek ez dute ahoa ireki egin). Honek, adeitasun handiz trena gelditu eta bidaiariarengana joan da bere jarrera eten zezan eskatuz eta Durangora iristerakoan segurtasun zaindari baten laguntzarekin trenetik bota dute.

Askotan Euskotrenen aurkako kexa ugari entzuten ditugu, beraz idatzi hau gera dadila nere esker on eta Euskotreneko langileen jokaera profesionalaren lekuko.

Bide batez, arauak bete ez dituen bidaiariak (eskale itxura zuen gizon bat) bideo honetako protagonistaren egundoko antza zuen:


2008-02-04

Eskuratu dut Lurraldebus txartela

Gaur azkenean eskuratu dut nire Lurraldebus txartela. Ez daukat Gipuzkoako hiriarteko autobusak erabiltzeko asmorik baina zenbait orduetan autobusa garraiobide bakarra da Donostiatik Bilbora joateko eta, kasu honetan, deskontu interesgarri bat eskuratzen da txartel hau erabiliz. Aipatu gainera PESAren autobusak Donostia eta Bilbo artean egiten duen bidaia igo egin dela 9,20€ arte. Distantzia berdinean dauden hiriburuetan Abiadura Handiko Trenean erabiliko litzatekeen denbora bikoitzean eta txartel salneurri handiagoan. Hau da hau Euskal Y-a irekitzen dutenean PESAk jasoko duen jipoia horrela jarraitu ezkero!

Aipatu gainera harrigarria dela 2008. urtean oraindik Lurraldebusek webgune ofizialik ez izatea autobusen ordutegiak, ibilbideak, maiztasunak, ordutegiak, eta abar jakiteko (blog honetan estekatzen den helbidea ez da orrialde ofizial bat). Hemen ere Bizkaian aurretik doaz, ikusi bestela Bizkaibusen webgunea. Gipuzkoako Foru Aldundian txartel bakarra bezalako asmo on bat izanda zergatik ez ote dute ondoko herrialdean egiten dutenari begiratu?

 

2006'ko otsaila