Tranbia ala metroa?
Aurrera darrai Bilboko Errekalde auzoan tranbia eta metroaren arteko iskanbilak. ETS aurki hasiko ditu tranbia Basurtotik Errekaldera luzatzeko lanak eta auzoko bizilagun batzuek garraiobide hau gutxietsi eta datorren urteetan egingo den metroaren hirugarren linea beraien auzoraino luzatzea eskatzen dute.
Gaur asteazkena manifestaziora deitu du auzoko Metroaren Aldeko Plataformak. 20:00tan hasiko da Errekaldeko Osasun Etxetik eta oraingoan (agian hauteskundeak aurki daudelako edo) PSE-EE eta PP'ko ordezkariek parte hartuko dute, Txema Oleaga eta Antonio Basagoiti buruzagiak barne.
Kasu hauetan, eta are gehiago hauteskundeak aurki izanda, populismoa eta arrazoizko eskaerak nahastu egiten dira, eta horren erakusgarri da Txema Oleaga, PSE-EE'ko bozeramailearen hitzak: "elkartasuna adierazi nahi diegu beste hiritarren modura EAJ, EA, eta EB'k kalitatezko garraioa ukatzen dien auzokideei". Kalitatezko garraioa ukatu? Zer ote da ba tranbia, asto batzuek tiraka darabilten gurdi zahar bat?
Suposatzen dut politikariek Abandoibarrako luxuzko etxeetan edo Isozaki Atean biziko diren pribilegiatuekin elkarretaratze bat dagoeneko programatuta izango dutela. Gaixoei etxe aurretik duten tranbiarekin kalitatezko garraio publikoa ukatzen baizaie.
Larunbatean metroa iritsiko da Portugaletera
Halaber, larunbatean 16:00tan Portugaleteko metroaren bi geltokiak bidaiariei irekiko zaizkie. Goizan zear irekiera ofizialeko egitarauan parte hartu eta gero, lehenengo trenean agintariek bidaiatuko dute: bertan izango dira Lehendakaria, Herri Lan eta Garraio Sailburua, Bizkaiko Ahaldun Nagusia...
Abatxolo eta Portugaleteko geltokiek 15000 bidaiari egunero erakartzea espero da eta trenak izango dira bospasei minutuoro.
Metroaren irekiera dela eta Portugaleteko Udalak turismoa erakartzeko publizitate kanpaina bati ekingo dio garraiobide honen bidez metropoliko bisitariak erakartzeko asmoz. Ez ote da ohartu urteak daramatzatela RENFE'ren Aldirikoen trenek bidaiariak denbora laburrago batetan Portugaleteko gune turistikoenera eramanez?



0 Iruzkinak:
Publicar un comentario en la entrada
<< Home